Español English Euskera

Efizientzian inbertituz aurrezten eta lana sortzen erakusten du Iraunkortasunaren IV. Conama Lehiaketak

Efizientzian inbertituz aurrezten eta lana sortzen erakusten du Iraunkortasunaren IV. Conama Lehiaketak
22/11/2011 - Conama Fundazioa

Argiteria publikorako efizientzia-proiektu bat, lana sortzeaz gainera udalerri kopuru handi baten argindar-faktura txikitzen duena. Horixe da Ingurumenaren Batzorde Nazionalak Ingurumen, Landa Inguru eta Itsas Inguru Ministerioaren lankidetzarekin bi urtean behin antolatzen duen eta Ingurumenerako Conama Fundazioak ematen dituen  Udalerri Txiki eta Ertainen Iraunkortasunaren IV. Conama Sarietan saritutako zortzi ekimenetako bat. Azaroaren 29an izango da sari-banaketa, 2012ko Europako Hiriburu Berdea den Vitoria-Gasteizen izango den V. Tokiko Conama Biltzarrean. 

Lehenengo saria (5.000-30.000 biz. kategoria): Argiteria publikoarekin aurrezten
 
Iraunkortasunaren I. Conama Saria, 5.000-30.000 biztanleko kategorian, Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatearentzat izan da (Bizkaia), argiteria publikoaren efizientzia hobetuta aurrezte ekonomiko handiak lortzen dituen proiektu batengatik. Probaldiak sei hilabetekoa izan zen, eta mankomunitateko sei udalerrien (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio) argindar-faktura 120.000 euro merkatu zen, 322 tona CO2 gutxiago isuri ziren atmosferara eta lau lanpostu finko sortu ziren.
 
Proiektuaren gakoetako bat Sondikako kontrol-zentroa da, Eco-Enercenter izenekoa, bertatik monitorizatu eta kudeatu baitaiteke udalerri guztien argiteria-sistema. Efizientzia energetikoko teknikari izateko prestakuntza jaso duten lau lagunek lan egiten dute zentro horretan, langabe izandakoek. Eta azpiegitura horri esker, hobetzen ari da mankomunitatekoak izan gabe ingurukoak diren beste udalerri batzuetako argiteriaren efizientzia ere. 2012rako guztira 600.000 euro aurreztea aurreikusten da, alegia, proiektuan inbertitutako diru guztia baino gehiago, urte bakar batean. “Energia aurrezten dugu eta, gainera, lanpostu berdeak sortzen ditugu”, dio Alberto de Pradok, ekimenaren koordinatzaileetako batek, horrelako ekintzek gaur egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan duten garrantzia azpimarratuz.
 
Lehenengo saria (<5.000 biz. kategoria): Langabeziaren aurkako gizarte parte-hartzea
 
Iraunkortasunaren I. Conama Saria, <5.000 biztanleko kategorian, Valentziako erkidegoko Genoves udalerriarentzat izan da, gizartearen parte-hartzean oinarritutako garapen iraunkorrerako tokiko proiektu zabal batengatik. 2.637 biztanleko udalerri horren planak sei ildo estrategiko eta 58 ekintza zehatz ditu, herritarrek zehaztutako lehentasunei erantzuteko; bereziki, langabeziaren aurkako borrokari eta inguruko natur ondareari balio-emateari.
Auditoria batetik abiatuz eta Agenda 21en metodologiarekin, hainbat eta hainbat proiektu zehaztu dira, eta horiei esker, 420 laguni prestakuntza eta lan-orientazioa ematea eta etorkizunera begira indarra duten eraikuntzatik kanpo arlotan 120 lanpostu sortzea lortu da, besteak beste. “Hirien lehentasunak zeintzuk diren jakiteak aukera ematen du ditugun baliabide urriak ondo erabiltzeko eta hobeto aprobetxatzeko”, azpimarratu du Joaquín Masipek, Genoveseko gobernazio, ogasun eta lurralde zinegotziak.
 
Accesitak, lorategi jangarrientzat, olibadi ekologikoarentzat eta sai-behategiarentzat
 
Sei accesit ere eman ditu Conama Fundazioak. 5.000-30.000 biztanleko kategorian,  Astilerrorentzat (Kantabria) eta Alcasserrentzat (Valentzia) izan dira aurreneko biak.  Astilleron, ontziolen eta meatzeen ondorioz degradatutako eremuen ingurumena leheneratzeko plan bat saritu dute; eremua Espainiako Ornitologia Elkartearen (SEO/BirdLife) lankidetzarekin zaintzeko akordio bat ere biltzen du ekimenak. Alcasserrek garapen iraunkorrerako tokiko egitarauagatik jaso du saria, prestakuntza-ekintzak, ingurumen-hezkuntzakoak, naturguneak leheneratzeko jarduerak edo tokiko ekonomia leheneratzeko ekintzak biltzen baititu.
 
Hirugarren accesit bat ere eman dute 5.000-30.000 biztanleko kategorian, Internet bidez boto gehien jaso duen proiektuarentzat; accesit hori Sierra de las Nieves udalerriarentzat (Malaga) izan da. Oraingo honetan, olibadi ekologikoa saritu dute: horri esker, nekazaritza ekologikoan hasi dira 140 nekazari, 1.000 hektarea soro, guztira. 
 
<5.000 biztanle kategorian, accesitak Piñel de Abajo (Valladolid) eta Arnedillo (Errioxa) udalerrientzat izan da. Piñel de Abajok 187 biztanle ditu, eta bertako eskolak 20 urte baino gehiago daramatza itxita, eta prestakuntza, hezkuntza eta kultur jarduerak biltzen dituen “Herriak elikatuz. Piñel de Abajo udalerriko jardunaldiak ” proiektuagatik saritu dute. Arnedillo sai arreak behatzeko proiektu bategatik saritu dute, turismoa erakartzeko proiektu iraunkorra izaki. Utzita dagoen harrobi bateko etxola batean sai-behategi bat egitea aurreikusten du proiektuak, eta sai-koloniak habiak egiten dituen haitzetan bideokamera bat jartzea, kamuflatuta.
 
<5.000 biztanleko kategorian Internet bidez boto gehien jaso dituen proiektuaren accesita Carcabosok (Caceres) jaso du, Nekazaritza eta Ekologia Zentro Erakusleagatik. Nekazaritza ekologikoarekin lotutako hainbat jarduera bultzatzen ditu zentro horrek, udalerriko berdeguneetako “lorategi jangarriak”, oilategi komunitario ekologikoak edo baratze ekologikoen lagapena, besteak beste.
 
Informazio gehiagorako:
 
Conama Fundazioa: 91 31 07 350

Erakunde-babesleak
Babesle berezia
Desarrollado por: Varadero Software Factory (VSF)